Hona Iñaki Gurrutxagak aitatasunaren inguruan idatzitako bertso-sorta.
-1-
Ailegatu zait txanda,
egin dut plenoa:
ez da prezisamente
txosnako turnoa.
Badatorkit etxeko
festa intimoa
edaririk gabeko
gaupasa sanoa:
abendurako aita
izatera noa.
-2-
Gaztetasunak badu
berez nahiko pisu
goizegi ez ote den
ziur ez dakizu...
gazte zarelakoan
zabiltza beti zu
baina gero zalantzak
etortzen zaizkizu
amak “bazen garaia!”
esaten badizu.
-3-
“Joder, ona!”, “Pozten nauk!”
“Gezurretan zabiltz!”
mila erreakzio
ta hamar mila hitz
“ederra datorkizu!”
Hor, denak bat, aldiz:
hurrena pentsatuko
nuke zazpi aldiz
konbentzimentu osoz
egina ez balitz.
-4-
“Haur bat ez da bi patxo
eta hiru sugus”
Aita on izan nahi ta
nahastu naiz helburuz,
aholkari-zerbitzuz
ta nahastu inguruz,
edozer galdetzeko
bizi naiz apuruz:
denek dakite dena
ta denari buruz.
-5-
Ginekologo finez,
sasi medikuez,
ariketa-fisiko
rekomendatuez...
ta bat hasi ezkero
haurraren kontuez
denak dira jakintsu,
denak, baina zu ez...
aholkari-taldea
bihurtu da juez!
-6-
“Betiko pardeletik
pasa trapuzkora!”
“Trapuzkoa? Serio?
Hau moda da, moda!”
Honek hau ta hark hura,
ta denak gustora:
ematen badiote
haurrari ahora
kontraesanetatik
elikatuko da.
-7-
Pre-papá erropetan
sartuta hor darrait
aholkuak entzuten
xuabe eta light,
baina entzun behar du
hainbeste epaimahaik
aurrera aterako
garela nolabait
trajea handiegi
geratzen ez bazait.
-8-
Baina hasi garenez
hala trajeatzen
ahalegindu beharko
da neurriak hartzen
orratz muturren xixta
errez da sendatzen,
aitatasun senera
ari naiz moldatzen
pentsa, hasia nago
asteka kontatzen!
-9-
Izena ipintzeko
ere zenbat trote!
Herri txiki batean
premizkoa ote?
Neska bada, polit bat
jarriko nioke;
mutila bada zertan
ahalegindu tope?
Guztiek abizenez
deituko diote.
-10-
Hitz berrienak ere
bere zera badu:
bateko “Maxi-coxi”
besteko “Booga-boo”...
Lehen xexto eta karro
zirenak, ondradu...
semantika berrian
lehengoak gara gu:
filologo karrera
alferrik daukagu.
-11-
Dena da nobedade,
sentipen tropela,
lehen ekografiaz
oroitu bestela,
pentsa nik xomorro bat
espero nuela,
baina haur bat zegoen
eskuaz, horrela,
guri agur egiten
balebil bezela.
-12-
Hauxe datorkigu ba
hemendik aurrera
ondo bete nahi nuke
aitatxo papera
besteei entzunez baina
neure arabera
eskua hurbiltzean
gauez sabelera
haurra ta biok ondo
entenitzen gera.

No hay comentarios:
Publicar un comentario